Helburu Orokorrak

Panoramica de la playa de Gorliz

  • Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea, ekonomi, gizarte, ingurugiro eta kultur alderdietan, nola eta Euskadiko nekazaritzaren egoera eta ezaugarrietara egokitutako eredua diseinatuz, landa eremuak despopulatu eta lagatzeko prozesuak eragotziz, eta landa eta hiri inguruen arteko elkarreragina diskriminazio positiboaren bitartez bultzatuz.
  • Landa ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea, landa ingurunea nekazaritzako elikagaien sektoreko produkzio eta eraldakuntzaren inguruan egituratzea, hori guztia oinarri ekonomikoa dibertsifikatzearekin bateragarri eginez.
  • Nekazaritzak lehiatzeko duen gaitasunaren hobekuntza sustatzea, ingurune fisikoaren ezaugarriak eta nekazariek betetzen duten funtzio sozial garrantzitsua kontuan harturik, familia ustiategia oinarritzat harturik, asoziazionismo eta kooperatibismoaren bidez artikulaturik, betiere merkatuari —euskal kontsumitzaileei kalitatezko elikagaien bidez on eginez—, ingurugiroa babesteari eta nekazaritzako elikagaien kalitatea eusteari begira.
  • Landa inguruetako enpresen eta ekonomi egituren lehiakortasuna areagotzea, arreta berezia jarriz nekazaritzako elikagaien enpresetan, nekazalturismokoetan, nekazaritza ekologikoetan eta landa ingurunean garapen endogenoko proiektuei ekiten dien beste edozein enpresatan, horiek merkatuaren eta lehiaren joeretara egokitzea bultzatuz, prozesu hori landa inguruak betetzen dituen mota guztietako funtzio eta zerbitzuekin uztartuz. Horren guztiaren helburu nagusia izango da enplegua mantendu eta sortzea landa inguruko biztanleen onerako.
  • Landa ingurunearen garapenean eragina duten administrazio eta herri erakundeen arau eta jarduketak integratzea, disfuntzioak eta koordinazio falta eragozteko, eta tresnen koherentzia hobea, esku-hartzeen eraginkortasun handiagoa eta landa eta hiri inguruen arteko elkarreragina bultzatzea.
  • Landa eremuen garapenaren protagonismoari eustea, bai biztanlerian, bai bertako erakundeetan; asoziazionismoa bultzatzea, eta emakumeek eta gazteek prozesu ekonomiko eta sozialetan parte hartzeko erraztasunak ematea.
  • Landa inguruetako natur, histori, kultur eta hizkuntz ondarea berreskuratu, artatu, garatu eta zabaltzea.
  • Lurraldearen antolamendua hobetzea, espazioaren erabilera arrazoizkoagoa eta orekatuagoa bultzatuz.
  • Landa ingurunearen balioak aintzat hartzen dituen eta landa ingurunearen garapenerako neurri egokiak ezartzeko bidea ematen duen kultura soziala bultzatzea.